Kontsumo Ministerioak “BAINA” kanpaina abiarazi du aste honetan, ausazko jokoen arriskuen gainean sentsibilizatzeko eta haiek prebenitzeko. Pieza nagusia bideo musikal bat da, jokatzen dutenek haien burua zuritzeko eta egiten duten kontsumoa arazo bilaka litekeela ez ohartzeko erabili ohi dituzten aitzakiak agertzen dituena. Horri zor zaio hautatutako goiburua “Jokoarekiko arazoak BAINA batekin hasten dira beti” izatea.
Ongi dago Garzón ministroak ekimen horren aurkezpenean joko-arazoak “lehen mailako erantzukizun politiko eta kolektiboa” direla ohartaraztea. Izan ere, erruaren zama beti jokatzen duenarengan erortzen zaio eta epaia “merezi zuen” batekin amaitzen da. Aski da.
Aralar Elkarteko kideok kanpainaren fokua zabaldu eta beste “BAINA” batzuk gehitu nahi genituzke. Beste hainbat bururatzen zaizkigu.
Nafarroan jokoaren lege bat onartu da aurten, aurrekoa, orain dela 16 urteko lege zaharkitua, aldatu duena. BAINA lege horren alderdi garrantzitsuak, hala nola autodebekatutako pertsonen eta adingabeen sarbidea kontrolatzeko eta identifikatzeko sistemak zehaztea, erregelamendu bidezko garapeneraren mende geratu dira, gehienez ere urtebeteko epean, tartean hauteskundeak eta gobernu-aldaketa direla.
Legeak mugak ezartzen dizkio joko-enpresen publizitateari, batez ere kirol-babesletzei, BAINA Osasunak Txinako eta Filipinetako ingurune digitaletako kirol-apustuen bi enpresarekin akordioa sinatu duela iragarri du berriki. Legea betetzen du, jakina, ez baita ekipamenduetan erakutsiko. Diotenez, eskualde-eremura eta U telebisibora mugatuko da, iragarleak aldatzeko aukera ematen baitu, partida zein herrialdetan ematen den kontuan hartuta. Horrek gazte osasunzaleek apustu egitea eragotziko balu bezala.
Norbaitek talde gorritxoaren arduradunei azaldu beharko lieke Espainian 25 urtetik beherako online jokalari berrien kopurua 2016an % 28koa izatetik 2021ean % 48koa izatera igaro zela.
Adingabeek debekatuta dute ausazko joko presentzial eta online joko guztietara sartzea, BAINA 2021ean, 14 eta 18 urte bitarteko bostetik batek diruarekin jokatu zuen. Zer egiten ari gara edo zer ez gara egiten ari haiek babesteko?
Azken urteotan auzo-plataforma ugari auzoetan eta herrietan joko- eta apustu-aretoak jartzearen aurka mobilizatu dira. 2021ean, gure erkidegoak 72 joko-lokal zituen, bingoak, aretoak eta apustu-etxeak kontuan hartuta. BAINA zer egingo dugu oraingoz sarbide-kontrolik ez duten txanpon-makinak dituzten Nafarroako 2.002 ostalaritza-establezimendu eta apustu-terminalak dituzten 860 establezimenduekin?
Azkenik, dagoeneko iritsi da turroia saltoki handietara, eta, urtero bezala, Loteriaren iragarkiak ikusmin handia piztu du. Estatuak inbertsio bat egiten du, eta ziur ez dela txikia, sari nagusiaren albait dezimo gehien erostera animatzeko. BAINA hori “ez da jokatzea; tradizioa da”, ezta? Bada, Foru Erkidegoan 2021ean jokatutako guztizkoaren % 51 kudeaketa publikoko jokoei dagokie —Estatuko Loteriak eta Apustuak eta ONCE—, BAINA ez da horri buruz hitz egiten.
Hori ditu Ministerioak beste BAINA batzuk, kanpainaren bigarren atala egitea erabakiko balu.
Teresa Burgui Jurío, Ludopatia Prebenitzeko eta Laguntzeko Aralar Elkartearen Nafarroako koordinatzailea