Saioa Yeregui, Aralar elkarteko psikologoa
Urtero bezala, Otsailaren 17an, Joko Arduratsuaren Munduko Eguna ospatzen da, eta urtero bezala,modu arduratsuan jokatzea zer den kosta egiten zait ulertzea.
Ez da hitz hori entzuten dudan une bakarra. Adibidez, egunero, etxetik lanera joateko bidean irratian ONCEk jokatzea ondo dagoela gogorarazten dit “ONCEra jokatzen baduzu ondo jokatua”. Eta publizitate-kanpaina guztien amaieran hau gehitzen du: “jokatu arduraz eta adinez nagusia bazara”.
Zorizko jokoak normalizatzen dituen gizarte batean bizi gara, eta ez gara hortaz jabetzen azalean bizitzea tokatzen zaigun arte. Egun batean zure 20 urteko semeak bere lehen hiru soldatak kirol apustuetan gastatu dituela konturatzen zara. Zure senarrak aurrezki guztiak txanpon-jokoan gastatu dituela eta alokairua ezin duzuela ordaindu esaten dizu. Edo zure arrebak 20000 euro zor dituela esanez deitzen dizu, erruletan jokatzeko mikrokredituak eskatu dituela azalduz. Ez dira gertaera isolatu edo asmatuak. Ludopatia zentro batean egiten dut lan eta egunero entzuten ditudan istorioak dira. Joko-arazoak dituzten 100 pertsona inguru datoz urtero Aralarrera, eta deskribatu beharko banitu, ez nuke sekula arduragabekeria hitza erabiliko.
Arduratsu hitzak egiten edo erabakitzen den horretan arreta eta kontua jartzen dion pertsonari egiten dio erreferentzia. Ikus dezagun orain Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasunen sailkapenean erabiltzen duen definizioa ludopatiaz hitz egiteko.
Apustu jokoaren jokaera patroi iraunkor edo errepikakor bat da, online izan daitekeena (hau da, Internet bidez) edo ez, eta honela adierazten dena: 1. Apustu-jokoaren kontrolaren narriadura (adibidez, hasierari, maiztasunari, intentsitateari, iraupenari, amaierari, testuinguruari dagokienez); 2. Apustu-jokoari emandako lehentasuna handitzea, eguneroko bizitzako beste interes eta jarduera batzuen aurretik jartzen dena; eta 3. Apustu-jokoarekin jarraitzea edo areagotzea, ondorio negatiboak izan arren
Ez al zaizue kontraesankorra iruditzen ardura eskatzea gaixotasun honen oinarria jokabidearen kontrolik eza denean? Ludopatia garatzen duen norbaitek arduratsu jokatzeko ahalmena dauka? Benetan diotsuet jokoagatik arazoak garatu dituen pertsona bat kontziente balitz jokoak ekarriko dizkion ondorio guztietaz ez jokatzea erabakiko lukeela. Horrek ez du esan nahi joko-arazoak dituen pertsona bat erabat pasibo bihurtzen denik bere gaixotasunaren aurrean. Zorionez, jokatzeari uzteko erabakia pertsona bakoitzarengan dago, eta berak bakarrik erabakitzen du jokatzeari uztea.
Prebentzio-ildotan lan handia egiteke dagoela uste dut. Modu arduratsuan jokatze hutsetik haratago joateko beharra dago. Gaur egundo gizartean jokoak arriskuaren pertzepzio oso txikia du, oso pertsona gutxik pentsatzen du arazo batean bilaka daitekeela. Oso eskuragarri dago, taberna gehienetan dago apustu egitea eta zer esanik ez telefono mugikorrez. Eta ezin dugu ahaztu, jokoak diru asko mugitzen duela, baina zeren truk?
Artikulu hau hainbat hedabidetan argitaratu zen, besteak beste, Tuteran eta Erriberan hedatutako Plaza Nueva-n. Sakatu HEMEN sartzeko.
Diario de Navarra egunkarian ere argitaratu zen. Sakatu HEMEN.